2013-10-11

Euskal LOMCErik ez, eskerrik asko (ARGIA)

Euskal LOMCErik ez, eskerrik asko

Nola egin aurre bihar Espainiako Kongresuak onartuko duen LOMCE legeari? Gai hori jarriko du mahai gainean Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ikas-komunitateko hainbat eragilerekin gaur duen bileran. Arlo honetan Madrilgo Gobernuarekin elkarrizketa eta negoziazioa defendatu du orain arte Uriartek, eta aurrerantzean ere legea EAErako leuntzen saiatuko den susmoa dute eragileek, hondamendia ahalik eta txikiena izan dadin. Baina “Euskal LOMCErik” ere ez dutela nahi eta bide bakarra erreforma ez aplikatzea dela argi du ikas-komunitateak.

Indarrak batuta soilik egin dakioke planto Wert erreformari eta ez du inongo mesederik egiten PSEk eta EAJk larunbateko manifestaziora ordezkaritzarik ez bidaltzeko hartu duten erabakiak. (EFE)
Indarrak batuta soilik egin dakioke planto Wert erreformari eta ez du inongo mesederik egiten EAJk eta PSEk larunbateko manifestaziora ordezkaritzarik ez bidaltzeak. (EFE)

Kataluniako Gobernuak egin duen moduan, Jaurlaritzak ere legeari (osotasunari, zati bati, edozein moldaketari…) irmoki uko egitea. Hori da hezkuntza komunitateko eragile ia denek eskatzen dutena, azken hilabeteotako protesta, agerraldi eta manifestazioetan argi geratu denez. Haatik, Uriartek, hizkuntza eta konpetentzia kontuetan eskua sartuz EAErako LOMCE alternatibo bat paktatu eta horretarako adostasun ahalik eta zabalena bilatu nahi ote duen, horren beldur dira asko. Horien artean, Ikoitz Arrese Ikasle Abertzaleak taldeko kidea. Eskola kontseiluan parte hartu arren, IA ez dago bilerara gonbidatuta, kurioski ez ikasle antolakunderik ez sindikaturik ez baitu gonbidatu sailburuak.
Intsumisioaren bidean, ikas-komunitate osoaren laguntza izango luke Jaurlaritzak (PPrena ezik), eta aldi berean, ikas-komunitateak instituzioen babesa izatea (Nafarroako Gobernuarena ez dutela jakina da) funtsezkoa litzateke desobedientziaren bide hori urratzeko. Azken finean, denon konplizitateak eta elkarlanak baino ez du bermatuko arrakastarako aukera. Edu Zabala irakasleak adierazi zigun moduan, badaude boikoterako formulak, “baina jakin behar da zein indar dugun”. Irakasle, ikasle, guraso, ikastetxeko langile eta politikari, indarrak batuta soilik egin dakioke planto Wert erreformari. Indar horren erakusle izan nahi du urriaren 12rako sindikatu eta hezkuntza eragileek Bilbon deitutako manifestazioak eta horregatik, ez du inongo mesederik egiten EAJk eta PSEk manifestaziora ordezkaritzarik ez bidaltzeko hartu duten erabakiak (dauden estrategia eta beharbada helburu ezberdinen lekuko). Gainerakoek, Euskal Herrirako hezkuntza sistema propioa aldarrikatuko dute larunbatean, Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCE ez! Inposaketei ez! lelopean.
Bihar bertan onartuko du erreforma Espainiako Kongresuak, PP eta UPNren aldeko botoei esker. Oposizioak aurkezturiko 727 zuzenketetatik, 9 baino ez dira onartu (UPyD-k PPrekin hitzarturikoak). Emaitza, hainbestetan aipatu dugun deskalabru pedagogikoa izango da: laburrean, eduki homogeneo eta zentralistetan oinarritutako curriculum espainiarra, ikasle “txarra” (esan nahi baita, nota txarrak ateratzen dituena) lehenbailehen antzeman eta alboratzen duen ibilbidea, ezagutza memoristikoa eta akademikoa hobesten, konpetentzien filosofia baztertzen eta euskara kaltetzen dituen eredu ekonomizista. Sistema ziurtatzeko, Madrildik ezarritako azterketa bana egingo zaie ikasleei 9, 12, 15 eta 18 urterekin. Eta eskoletako jarduna kontrolatzeko, aginte handiagoa emango zaio administrazioak aukeratuko duen ikastetxeko zuzendariari, eskola-komunitatearen parte-hartzea hutsaren hurrengoan utziz.
Horren guztiaren aurrean, tinkoa izango da erantzuna larunbatean: LOMCEri ez! Ez Espainiakoa, ez Euskal Herrirako leundutakoa, ez inongoa.

No comments:

Post a Comment