2013-06-17

LOMCE: aplikatu, asumitu ala desobeditu (BERRIA 2013-05-28)



LOMCE: aplikatu, asumitu ala desobeditu


Ikoitz Arrese eta Haizea Solagurenbeaskoa
Ikasle Abertzaleen bozeramaileak


Espainiako LOMCE legea azken ibilbide burokratikoa egiten ari da. Maiatzaren 17an, José Ignacio Wert Hezkuntza Ministroak beste aurrerapauso bat eman zuen inposatu nahi diguten erreforma arrotz eta atzerakoi horren aplikazioan.


LOMCEren inguruan luze hitz egin bada ere, ondorengo hiru ezaugarri mingarrienak aipatu nahiko genituzke: lege sexista, elitista eta espainolista da.

Sexista da ikasleria sexuaren arabera bereizten duen hezkuntzari bide emango diolako. PPk duen ideologia atzerakoia heziguneetara eraman eta neskak eta mutilak bereizten dituzten ikastetxeak diru publikoarekin finantzatuko ditu.

Gainera, ikasleoi etorkizuneko eskola ibilbidea zehazteko ematen zaigun aukeraketa goiztiarra, genero-rol gatazka gainditu ez ezik, birproduzitzera dator, jendarte patriarkalak dakarren zapalkuntza mantenduko duelarik. Hezkidetzaren inguruan ere, aipamenik ez lege osoan.

Aniztasun ikuspegia ere desagertu egingo da, eta erlijioak eta moral katolikoak pisu gehiago hartuko du. Eskola komunitatea osatzen dugun ikasle, guraso, hezitzaile eta herritarren parte hartzea ere mugatzera dator. Eskola kontseiluak organo kontsultibo huts bilakatuko dira, eta erabaki eskumen osoa zuzendariari aitortuko zaio soilik.

Hori gutxi balitz bezala, ikasleon arteko konpetitibitatea sustatzera dator LOMCE. Ikasle «bikainak» nahi ditu Wertek eta, horretarako, ikasleon arteko lehian oinarritzen da. Notarik onenak dituenak lortuko du aurrera egitea, gainontzekoek ez.

Elitista da, gutxi batzuen mesederako diseinatu dutelako. Merkatuen beharrak asetzeko sortu dute. Ikasleon beharretarako baino gehiago, enpresa eta multinazional handien mesederako diseinatua izan da erreforma. Ustezko kalitatezko hezkuntza gutxi batzuen esku geldituko da. Egoera ekonomikoen arabera mailaketa soziala ugaritu eta bazterketa egingo du erreformak. Gainera, hezkuntza aurrekontua murriztu da, eta tasak igo dira. Gutxi batzuen luxua izango da goi mailako hezkuntza jasotzea.

Horrekin, ikasle asko lan mundura arinago bideratuko da. Horrek, gainera, lan esku merkeagoa izatea ekarriko du, eta, ondorioz, langile prekarioak sortuko ditu. Txintxo-txintxo, baldintza prekarioetan eta soldata baxuaren truke lan egingo duen robotak nahi dituzte.

Espainolista da, PPren ideologiaren arabera doktrinatu nahi gaituztelako. Espainiar Estatuak dituen identitate konplexu eta arazoak gainditzeko inposatu nahi digute, inbutuz España una, grande y libre irentsaraziz. Ikasgai tronkalen %100 Madrildik zehaztuko dira, eta espezifiko zein espezialitatezkoen ebaluazioa Estatuaren irizpideen esku geldituko dira. Horrela, curriculumaren gaineko kontrol osoa izaten jarraituko dute.

Euskarari dagokionez, hilzorian jarri nahi dute. Ikasgai espezifiko gisa ezarri eta hautazko huts izatea nahi dute. Gainera, ikaste-hizkuntza hautatzeko eztabaida eta zalaparta manipulatuaren ondorioz, gaztelania izango da lehentasunezko hizkuntza.

Bolo-bolo dabilen gaia da LOMCE. Komunikabideek kaleratutako titularrak eta eragileen adierazpenak ikustea besterik ez dago, bakoitza bere tokian kokatzeko.

Espainiako ultraeskuindar atzerakoienek eredugarritzat jo dute Ministro Kontseiluak hartutako erabakia. Eliza Katolikoak goraipatu egin du legeak ekarriko dizkion onurak. Espainiako gobernua lortuko balu, bertan behera utziko duela adierazi du PSOEk. Cristina Uriarte EAEko Hezkuntza Sailburuak esan du erkidegoak dituen eskuduntzen kontrakoa bada errekurritu egingo duela. Hezkuntza komunitatea osatzen dugun ikasle, hezitzaile guraso eta herritarrok argi eta garbi esan diogu behin eta berriz ezetz.

Gure aburuz, LOMCEren aurrean dauden egiteko posibleak ere hiru dira:

Aplikatzea. Zalantzarik ez dago PPren inguruan mugitzen diren eskuindar atzerakoi eta matxistek LOMCEren alde egingo dutela. Espainiar Estatuaren egitura eta identitatea kolokan dagoen honetan, ondo dakite hezkuntza asimilazio tresna gisa balia dezaketela, euren ideologia estremistena inposatzeko. Hau horrela eta Eliza Katolikoaren babesarekin, legea osotasunean aplika dadin, euren esku dagoena egiten ahaleginduko dira.

Asumitzea. Anbiguetatean dauden sektoreen jarrera da hau. Aplikatzea, bai, baina osotasunean onartzen ez dutenak dira. PNV eta ingurukoak ditugu, kasu. Legea kritikatu, eskuduntzen aitzakia merkea jarri eta mediatikoki onartzen ez dutela esaten dute. Onartu ez, baina Uriarte sailburuak egin zuen lehenengo gauza sailburu izendatu eta Werten albora bidaiatzea izan zen. Ondoren, Elizbarrutiarekin batzartu zen. Hezkuntza komunitatearekin iritzi trukerako mahairik ez du osatu ere egin.

Jarrera horrekin hainbat sektore ere identifikatzen ditugu. Erreformari ezezkota adierazi, baina euren zilborretik begirada altxatu gabe tartaren zatirik handienaren bila dabiltza. Euskal Herriaren interesak alboratu eta «erremediorik onenaren» bila dabiltza. Legea asumitzen dute horiek.

Desobeditzea. Inposatutako lege arrotzik ez onartzea da azken aukera. Gure aukera. Ikasle Abertzaleak antolakundearen konpromisoa da. Gurearekin batera, Euskal Herriarentzat bestelako hezkuntza eredu propio bat eraikitzeko hautua konplexu gabe egin dugunon aukera.

Ez dago erdibiderik: Espainiari men egin edo Euskal Herria eraiki. Deskribatutako lehengo bi jarrerek Espainiatik datozen inposizioak onartzera garamatzate. LOE izan zen atzo, LOMCE izango da orain, eta bestelako bat hurrengoa, datorrena datorrela aplikatu eta asumitu. Madrilgo erabakiei men eginez.

Hirugarren aukera Euskal Herriaren aldeko hautua da. Burujabetasunaren aldeko konpromisoa, Euskal Eskola Nazionalera eramango gaituen hezkuntza sistema propio baten aldeko indar metaketa eta elkarlanaren bidea, alegia. Ikasleok erabaki dugu zein den gure bidea, eta zuek?

No comments:

Post a Comment