Gaztetasuna izan, sentitu eta sufritu ere egiten da. Blogeko
lehenengo sarrera eta arazoez mintzazen hasi behar, marka da gero. Hobea
litzateke gazte indarraz, aldaketarako gogoaz, festaz, sexuaz eta beste
mila kontutaz arituko banintz baina handi-mandiek ez didate utzi.
Maiatzaren 17an LOMCE
izeneko legea aurkeztu zuen, Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak,
beti ere mandatari eskuindarren talaiapean. Lege honek gazte lehiakor
eta profesionalak sortzea du helburu. Behin eta berriz errepikatzen
dituzte bi hitz horiek diskurtso artifizialetan.
Ikasleak lan merkaturako prestatu gura dituzte, ikasleak merkantilizatu
alegia. Hezkuntzaren jomugan lan merkatua jarri eta heziketa pertsonal
batek dakartzan balizko balioak alboratu. Agian, gu gara oker
gabiltzanak eta lehiakortasuna eta profesionaltasuna dira gaurko mundu
neoliberalean behar diren ezaugarriak. Albokoa zapaldu eta denen
gainetik gora egiten duen horrek izango du tokirik honena gaurko Status Quo honen baitan.
Jose Ignacio Wert ministroak martxan jarri nahi duen legeak hainbat
protesta sortu ditu. Lege zentralizatu, espainol eta baztergarritzat
hartu dute aurka azaldu diren gehienek, hauek baitira legearen nondik
norakoak hobekien deskribatzen dituzten adjektiboak.
Zentralista
Lege zentralizatua dela diodanean, eskolen autonomiaz ari natzaizue.
Gobernu zentralak kontrol handiago bat ezarri nahi du hauen gainean eta
horretarako eskolez kanpoko azterketa batzuk ezarri nahi ditu ikasketa
etapa bakoitzaren bukaeran. Lehen hezkuntzan egingo zaien proba
orientagarria izango den arren, DBH eta Batxilergoaren bukaeran egingo
direnak nahi edo ez gainditu beharko dira. Gainditu ezean, erdi mailako
edo goi mailako ikasketak egitera bideratuko dituzte ikasle horiek.
Honekin batera, selektibitatea kenduko dute, baina unibertsitate
bakoitza libre izango da nahi izanez gero beste azterketa bat egiteko.
Kasu horietan ikasleek bi azterketa gainditu beharko dituzte
unibertsitatera iritsi aurretik. Azterketa hauek guztiak noski, berdinak
izango dira Espainiar Estatu guztian, autonomia erkidegoen gaineko
kontrola bermatuz. Buruzagi oro jakintsuen ustetan sistema honek gazteen
“lehiakortasuna sutatu” eta “esfortzuaren kultura” indartuko dute.
Bestalde, eskola kontseiluak konpetentzietako asko galduko ditu, eta
eskolako zuzendaria aukeratzerako unean ere indar gutxiago izango du.
Badirudi guztia kontrolatu nahi horretan traba egiten dietela hezkuntza
benetan ezagutu eta bizitzen duten horiek eta paretik kendu nahi
dituzte, horrela, txotxongiloen gisan men egingo dieten zuzendariak
aukeratuz.
Espainola eta katolikoa
Curriculuma sortzeko orduan bi ezaugarri horiei berebiziko
garrantzia eman dio gobernuak, hezkuntza katolikoa eta espainola izango
da. Horretarako, eskola guztietan ikasgai berberak ematea adostu dute,
hauek bi multzotan banatuz: enborrekoak eta hautazkoak.
Enborreko ikasgaien baitan Matematikak, Zientziak, Gaztelera,
Historia eta Atzerriko Hizkuntza jarri dituzte. Hizkuntza koofizialak,
horien artean euskara, ikasgai tronkaletatik at utziz. Beraz, euskal
hiztunok gure hizkuntzaren ordez atzerriko hizkuntzei eman beharko diegu
lehentasuna. Gure hezkuntza askatasuna urratu eta atzerriko hizkuntza
pisutsuekin zapaldu nahi dute gurea. Katalanen kasua ez da hobea, izan
ere, estatuak diru laguntzak emango dizkie eskola pribatuei, eskola
publikoetan gazteleraz ikasteko aukerarik izan ez duten ikasleei aukera
bat eskaintzeagatik.
Lege katolikoa dela diodanean, erlijioko ikasgaiari egiten diot
erreferentzia, izan ere, espediente akademikoan kontuan izango da
ikasgai honetan lortutako kalifikazioa. Beraz, bekak eskatzeko unean
erlijioan izandako puntuazioak eragin zuzena izango du.
Zu bai eta zu EZ!
Wert legearen arabera ikasleek 3º DBHn hartu beharko dute ikasten
jarraitzeko edo bidea bertan bukatzeko erabakia. Honela, ustez ikasteko
balio ez dutenak unibertsitatera joatea ekidin nahi dute. Matrikulen
prezioak gora egin du nabarmen eta bekak berriz beherako doaz. Honen
aurrean PPk soluzio erreza atera dio problema matematikoari,
unibertsitateko sarbideari filtro handiagoa ipini eta hamasei urterekin
beharrean hamalaurekin bideratu lan – edo langabezi- mundura ikasteko
gaitasun gutxiago dituzten ikasleak.
Arrazoi ugari eman dizkigu Wert jaunak bere kontra altxatzeko, Euskal
Herritarroi, beste guztiei kaltetzen dizkien neurriez gain, gure gain
genuen autonomia gutxitu eta euskararentzako neurri kaltegarriak hartu
dituztelako batik bat. Honen aurrean manifestazio, firma biltze eta
errebindikazio anitz egin dira baina badirudi goi mailako oligarka
eskuindar horiek beraien moduko diru gosedun enpresarioak sortu nahi
dituztela eta ez askatasunez pentsatzeko eta bizitzeko gai diren gazte
independenteak.
Gazteon heziketak baldintzatuko du etorkizuna eta boterean daudenak
heziketa hori elkarren arteko lehiakortasuna bultzatuz egin nahi dute.
Gaur egun giza eskubideak kolokan badaude, pentsa eskolak enpresario
handi-mandiak sortzeko fabrikak bihurtzen direnean. Ez dugu lehiakorrak
izaten jakin nahi, elkarlanean bizi nahi dugu. Ez dugu une oro gure
gaitasuna neurtzen ibiltzerik nahi, ikasten disfrutatu nahi dugu. Ez
dugu euskara bigarren mailako hizkuntza izaterik nahi, euskaraz bizi eta
ikasi nahi dugu. Ez dugu hezkuntza molde inposaturik nahi. Hori dela eta, urriaren 12an martxa bat antolatu du hezkuntza komunitateak LOMCE legea inola ere ez aplikatzeko. Esan dezagun ozen guztiek entzun dezaten, LOMCE legeari EZ!
No comments:
Post a Comment