2013-06-06

Hezkuntza, herritik herriarentzat. LOMCEri ez!


Hezkuntza, herritik herriarentzat. LOMCEri ez! (Berria 2013-03-02)


Julen Zulaika, Naroa Geresta, Patricia Muñoz, Itziar Arratibel, Ainhoa Larrabe, Joana Aurrekoetxea, Azaitz Gartzia, Xabier Lasa, Aitziber Martinez de Lagos.
Hezkuntzaren gaia azken aldian, borbor dabil jendartean eta eztabaida politikoaren erdigunean kokatu izan da ere, egiten ari diren murrizketengatik eta Madrileko gobernutik PPk proposatutako LOMCE dekretuarengatik.

Euskal herritarren asimilazioaren bidean beste bultzada bat dugu. Espainia pairatzen ari den estatu krisi identitatea gainditzeko beste saiakera bat. Wert ministroak argi esan zuen, ikasleen, etorkizuneko herritarren «españolizazioa» zela beharrezkoa. Eta honi erantzutera dator LOMCE. Gure hizkuntza eta kulturak ondorio larriak izan ditzake neurri hauekin guztiekin, kulturaren, nortasunaren homogeneizazioa, uniformizazioa eta sexismoa indartzeko asmoa baitago honen guztiaren atzean.

Eraso larria dugu, atzerapausoa. Baina argi dugu, egun duguna ez dela herri honek adostu eta sortutakoa. Werten erreformarik gabe, euskal hezkuntzaren egoera larria da oso; ditugun hizkuntza ereduek ez dute euskal ikasleen euskalduntzea bermatzen, curriculuma eta edukien gaineko eskumenik ez dugu sekula izan, hezkuntza egituratzekoak... hori guztia eta gehiago definitzen du Estatuak. Autonomo Erkidegoen eskumenak estatuak ezarritakoaren mende hasten dira. Argi dugu, orain dugun ereduak, ez duela gure herriaren biziraupena eta garapena bermatzen. Batzuek kontrakoa behin eta berriro errepikatu arren, Euskal Herriak ez du sekula izan bere hezkuntza sistema ereduaren gaineko erabakiak hartzeko eskubiderik, ezta hau egituratzeko eskumenik ere.

«Zelako hezkuntza, halako herria» esaldiak, beraz, oso ongi islatzen du estatu ezberdinek hezkuntza arloan egiten dituzten mugimenduak. Bultzatzen ari diren hezkuntza ereduaren aurrean bi norabide posible besterik ez daude: asimilizazioan sakondu eta gure burua desagertzera kondenatu, edota herri gisa pentsatzea eta aritzea. Erantzukizunez jokatzea dagokigu guztioi. Herritar guztiena da hortaz, egoeraz jabe egin eta hezkuntza beste modu batera ulertu eta antolatzeko ardura izatea.

Artikulu hau sinatzen dugun herritarrok herri mugimenduko kide gara. Nahiz eta gure lanek problematika ezberdinei erantzun, nazio bereko proiektu berdin baten ekarpenak direla pentsatzen dugu, hauek ikuspegi orokor eta askatzaile bat indartzen dutelarik. Arlo ezberdinetan lan egiten dugu, baina beti ere herri honen eraikuntzan. Bide horretan, hezkuntzak duen garrantziaz eta herritar orok honen gainean dugun erantzukizunaz jabetzen gara. Hezkuntza herri proiektu gisa ulertzen dugu guk. Herri baten bizi iraupenari nahiz garapenari egiten dion ekarpenagatik eta herriak hezkuntzari ematen dion osotasunagatik. Herri honek, bere hezkuntza sistema egituratzeko eskumena nahi eta behar du, biziraun nahi baldin badu. Horregatik, hezkuntza sistema propio baten eraikuntzaren alde egiten dugu, heziketa integral, kritiko, hezkidetzaile eta euskalduna bermatuko duena. Herriak eta herriarentzako eginda, eta honen beharrei erantzungo diena.

Horregatik, estatuetatik datozkigun erasoaldiei aurre egin behar diegu. Horretarako ditugun aukera eta tresna guztiak baliatuz. Auzoz auzo, ikastetxez ikastetxe, Euskal Hezkuntza sistemaren alde egiten dugun indar korrelazio eta urratsek eramango gaituzte Euskal Herriak behar duen herri harresia osatzera. Baina, erantzun dinamikak edota plazaratzen diren alterrnatibak ez dira Werten erreformari erantzuteko ikusmiran soilik artikulatu behar. Ematen ditugun hausnarketa eta praktikak Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistemaren bidean eraiki behar ditugu.

Eta baditugu alternatibak, eta, eduki ezean, sortzea posiblea da! Orain arte, Hezkuntza Sistema Propioa izatearen gabeziak hamaika ekimen proiektu eta dinamika ekarri ditu gurera. Nazio mailan eta parte hartze zabalarekin sortutako Euskal Curriculma edota hainbat hezkuntza eragileren artean egindako Ikasle Euskaldun Eleanitzak sortzeko proposamena. Herri eta auzo mailan sortutakoak ere. Proiektu hauen jabe herritarrak dira, herritarrek sortuak. Herritik, herriarentzat. Beraz, edozeinek hartu eta bere herrian aurrera eramatera animatu daiteke; edota herri edo ikastetxetan sortutakoak besteei eskaini. Horrela, inposaketen aurrean planto egin eta gurea eraikitzeari begirako sare bat osatuz. Herriz herri, ikastetxez ikastetxe. Asmo isolatuak saretuz, batuz, tanta isolatuak uholde bilakatuz. Inposaketa guztiei aurre egingo dion uholde geldiezina sortuz eta guk erabakitakoa eraikiz. Hori dugu erantzunik eraginkorrena. Beraz, erantzunaren aurrean soilik indarrak batzetik harago, gaurdanik gurea eraikitzera bidean batu behar ditugu ahaleginak. Tokian toki, nor bere hiri, herri edota auzoan bildu eta hausnarketa zabalduz, bakoitzaren herriaren errealitatetik abiatuta, herri proiektuak aurrera eramatea posiblea da.

Indarra badugu, asko gara Hezkuntza sistema euskaldun eta herritarra lortze bidean bat egiten dugunok. Elkartu, hausnartu eta lanean arituz, herri honen eraikuntzan bidea egitea guztioi dagokigu!

Artikulua ondorengo hauek sinatu dute: Julen Zulaika (Askapena), Naroa Geresta (Bai Euskal Herria), Patricia Muñoz (Elkartzen), Itziar Arratibel (ESAIT), Ainhoa Larrabe (Euskal Herriak Bere Eskola), Joana Aurrekoetxea (Euskal Herriko Bilgune Feminista), Azaitz Gartzia (Euskal Herrian Euskaraz), Xabier Lasa (Ikasle Abertzaleak) eta Aitziber Martinez de Lagos (Sortzen Ikasbatuaz).

No comments:

Post a Comment