Wert hezkuntza ministroak inposatu nahi duen LOMCE hezkuntza
erreformaren aurrean, Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienok, ikasle,
guraso eta langile eta beste hainbat elkarte eta erakundek, lege
honekiko gure aurkakotasuna adierazi dugu azken hilabeteotako hainbat
agerraldi eta mobilizazioetan.
Adierazpen hau sinatzen dugun erakundeok guztiz baztertzen dugu inposatu
nahi zaigun hezkuntza erreforma hau inposatzailea, zentralizatzailea,
adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta
elitista delako eta ez dugu onartzen Euskal Herrian ezartzea.
Argi dugu, egoeraren larritasunak bultzaturik datozen inposaketa ezberdinei erantzutetik harago, Euskal Herrian gure Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzeko
urratsetan aurrera egitea dagokigu. Eta hau honela, uste dugu guztiz
beharrezkoa dugula eta garaia dela, inolako inposaketa eta kanpo
injerentziarik gabe, Euskal Herriko hezkuntza komunitate zein
herritarrok gure herriak nahi eta behar duen hezkuntza sistema
propioaren inguruan eztabaida eman eta eraikitzeko bidean urrats berri
eta atzeraezinak ematea.
Bide horretan, ez gara hutsetik abiatzen. Azken hamarkada luzetan
hezkuntza komunitate osoak izan dugun konpromiso eta borondateari esker
eta lorturiko adostasun zabala medio, inposatu nahi izan dizkiguten lege
eta dekretuen gainetik bestelako hezkuntza eredu bat ehuntzen joan
gara.
Asko dugu oraindik egiteko, baina orain arteko bide hori aintzat hartuz,
baditugu abiapuntu diren eta garatzeko premia dutela uste dugun
adostasun zabala batzen duten oinarrizko edukiak:
Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa inklusibo,
konpentsatzailea, integratzailea eta hezkidetzailea. Aukera
berdintasunean, ekitatean eta kalitatean oinarritua.
Euskal Herriarentzat curriculum propioa.
Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen hizkuntza eredu bakarra.
Hezkuntza komunitate zein herritarren partaidetza demokratikoa hezkuntzaren gaineko erabaki eta kudeaketan.
Euskal Herrirako aurretiaz aipatutako puntuak barnebilduko dituen marko normatibo propioa.
Hau honela, hemen bildu garen hezkuntza eragileok honakoa adierazten dugu:
1. Alderdi politiko, Nafarroako eta EAEko legebiltzar eta gobernuei
eskatzen diegu, LOMCEa inola ere ez aplikatzea eta aldi berean Euskal
Herrian gure hezkuntza eraiki ahal izateko pausoak eman eta bitartekoak
jar ditzatela, kanpo injerentziarik gabe.
2. Konpromisoa hartzen dugu, inposaketarik ez onartu,
LOMCEri aurre egin eta gure herrian aplikatu ez dadin estrategia
amankomunak lantzeko. Modu berean, arestian aipatutako ezaugarrien
baitan, Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema propioaren
bidean lan eginez bururaino eramateko konpromisoa hartzen dugu.
3. Honen guztiaren abiapuntutzat, “Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCE ez! Inposaketei ez!” lemapean, Bilbon urriaren 12an herri gisa kalera atera eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko deia egiten diogu euskal jendarteari.
2013ko ekainaren 18an
Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz, ELA, LAB, STEE-EILAS, UEU, Ikasle Abertzaleak, HikHasi, NIZE.
No comments:
Post a Comment