2014-11-03

Ikastetxeek autonomia handiagoa, baina ordutegiak baldintzatuak


BERRIA. Larunbata, 2014ko azaroaren 1a

Jon Rejado Gasteiz

Heziberrik tresna bat aurkeztu du ikastetxe bakoitzak bere jarduna modu autonomoagoan gara dezan: Ikastetxearen Autonomia Proiektua. «Ikasketa prozesuak hobetzeko» helburua du, eta hainbat alor bateratuko ditu: curriculuma eta irizpide pedagogikoak, ikastetxearen antolaketa, diruaren kudeaketa eta langile taldea. Ordea, Heziberriren curriculum dekretuan zehaztutako gutxieneko ordutegiek baldintzatzen dute tresna berri hori.
Hezkuntza Sailak dekretu bidez zehazten du ikastetxe bakoitzak ikasgai bakoitzari eman behar dion gutxieneko ordu kopurua. Hau da, ikastetxe guztiek partekatuko duten ordutegiaren hezurdura diseinatzen du; hartara, zentro bakoitzak bere lehentasunen arabera osatuko du.
Egun indarrean dagoen dekretuaren arabera, Lehen Hezkuntzako eskola ordu guztien %20 daude ikastetxeen erabilgarri; Heziberrik, berriz, eskola ordu guztien %12,6 uzten dizkie, haien beharren arabera erabil ditzaten. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan ere —1, 2 eta 3. mailak— urritu dituzte erabilera askeko ordu horiek. Hezkuntza zentroek orduen %18,8 erabilgarri zituzten lehen, eta %13,3 dituzte orain; hau da, lehen zikloan, 17 ordu zituzten, eta 12 ordu dituzte. DBHko bigarren zikloan ez dago aldaketarik Heziberriren eta egungo curriculumaren artean.
Heziberrik aurkeztu duen Ikastetxearen Autonomia Proiektua 2007-2008ko ikasturtetik lantzen ari da Eusko Jaurlaritza. Hamabi egitasmo pilotu abiarazi zituen orduan, eta horien balorazioa egin du. Finean, aipatutako egitasmoak autonomia handiago ematen die ikastetxeei haien hezkuntza proiektua landu eta gara dezaten: antolaketa zehazteko, lantaldea kudeatzeko, baliabideak antolatzeko... Dena den, ikastetxe bakoitzaren erabakia izango da programa hori abiaraztea, betiere Hezkuntza Sailaren baimenarekin, eta Eskola Kontseiluaren oniritziarekin. 
DBHko ratioa, jaitsi
Heziberrik ikasgela bakoitzeko ikasle ratioa jaistea proposatu du. Egun DBHko klaseetan 30 ikasle egon daitezke, gehienez, eta LHn 25. Hezkuntza Sailaren testuak biak parekatzea proposatu du: gehieneko ikasle kopurua 25ean finkatzea. Ikasturtea errepikatu edo hezkuntza sistemara berandu sartu diren ikaslerik badago, %10 handitu ahalko da, gaur egun gertatzen den bezala.

No comments:

Post a Comment