2014-11-03

Heziberri, LOMCEren egituran


BERRIA, larunbata, 2014ko azaroaren 1a

Heziberri, LOMCEren egituran

Jaurlaritzak Espainiako araudiaren edukiak osatu ditu, EAErekin eta euskal kulturarekin lotutako eduki baliokideekin.
Hezkuntza Sailaren curriculum zirriborroak eztabaidatzen ari dira oraindik.
__________
Jon Rejado Gasteiz
LOMCEk zehaztutako egituraren gainean egokitu du Eusko
Jaurlaritzak Heziberri egitasmoa. Hezkuntza Saila prestatzen ari den curriculum dekretuek Espainiako Gobernuaren legearen puntu gehien-gehienak errespetatzen dituzte, eta, horren gainean, «euskal dimentsioa» emateko edukiak txertatu dituzte. BERRIAk Heziberriren dekretuok aztertu ditu; oraindik ere eztabaida prozesuan daude. 

EUSKAL HERRIA
Kulturari atxikia

Euskal Herria kontzeptua —euskaraz idatzia— hainbatetan agertzen da, Heziberriren gaztelerazko testuan ere. Ordea, kasu gehienetan kultura, hizkuntza edota ohitura hitzekin partekatzen du esaldia. Hau da, Euskal Herria ez da erakunde juridiko-administratibo gisa agertzen; alabaina, kultura, ohiturak eta hizkuntzaren eremuaz aritzean agertzen da. Jarrera hori Isabel Zelaa aurreko Hezkuntza Sailburuak landu zuen curriculumarekin bat dator. 

Euskal Herriaren adiera hori Lehen Hezkuntzako curriculum dekretu osoan islatzen da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumean muga apur bat lausoagoa da, baina, betiere kulturatik gertu: musika, Antzinaroko zibilizazioen aztarnen eremua... Nafarroa DBHko Historia ikasgaian agertzen da, soilik; bertako edukietan Nafarroako Erresuma lantzen da. 

ERLIJIOAREN ALTERNATIBA

'Konstituzio' hitza gabe

Ikastetxeek Erlijioa ikasgaia «derrigor» eskaini behar dute, LOMCEk aginduta. Hori hautatu nahi ez duten ikasleentzat Balio Sozial eta Zibikoak izeneko ikasgaia prestatu zuen Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak, Espainiako Konstituzioarekin lotutako zenbait edukiekin. Heziberriren curriculumean ez dakonstituzio hitza agertzen; bai ordea Espainiako legedia, EAEn eragina duten araudi guztiekin batera, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, kasurako. 
Bestetik, LOMCEk Espainiako «ikur nazionalen» esanahia ezagutzea eta azaltzea sartu du Balio Sozial eta Zibikoak ikasgaian: Espainiako armarria, bandera eta himnoa. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du halakorik sartu Heziberrin. Cristina Uriarteren taldeak irizpide horiek guztiak ikasturte honetan bertan igorri zizkien ikastetxeei, eta Heziberrin txertatu ditu.

HAUTU AFEKTIBO-SEXUALA

Ebaluazio irizpideen artean

Heziberrik LOMCEren ebaluazio irizpideak osatu ditu diskriminazio eta «gizarte bidegabekerien» alorrean. Hezkuntza Sailak ebaluazio irizpideen artean txertatu du norberaren izaera afektibo-sexualaren aurkako diskriminazio egoerak antzematea; LGTB kolektiboa aipatzen du, espresuki. Espainiako Hezkuntza Ministerioak eskubide berdintasuna txertatu du oinarrizko curriculumean, baita jaiotza, arraza, sexu, erlijio eta iritziengatiko diskriminazio eza ere; hautu afektibo sexualaren diskriminazioa sartzeari uko egin dio, baina.

EKONOMIA

Bete-betean sartuta

Heziberrik bere egin du LOMCEren aldaketa esanguratsuetako bat; ekonomiaren lanketa Lehen Hezkuntzan, 6-12 urte artean, Gizarte Zientziak ikasgaiaren barruan: kontsumoa eta publizitatea, produkzio moduak, finantza heziketa, dirua, aurreztea, enplegagarritasuna eta ekintzailetza... Zenbait alorretan LOMCEk ez duen ikuspuntua ematen dio gaiari —kontsumo arduratsua, lan gatazkak hitzaren bidez konpontzea...—, baina muina Espainiako legetik hitzez hitz hartuta dago.

EUSKARA

Lehentasunezko trataera»

Hezkuntza Sailak aldatu du 2007ko curriculum dekretuan zegoen elebitasunaren formulazioa. Heziberrik euskarari «lehentasunezko trataera» ematen dio, «gizarteko erabileran duen desoreka berdintzeko». 2007ko dekretuan ez zen halakorik ageri.

No comments:

Post a Comment