2014-06-24

Hasi du zirimiria (BERRIA)

Irailean LOMCE abiatuko du Jaurlaritzak eskoletan, nahiz ez dion erabat segituko.

Martxan izango dira proba orokorrak eta erlijioaren ordezko polemikoa.

Curriculuma egiteko du



2014-06-24 / Garikoitz Goikoetxea
Erabat-erabat ez, baina oinarrian martxan izango da LOMCE hezkuntza erreforma Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskoletan. Irailean lege aldaketak martxan jartzeko agindua eman du Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Gobernuaren egutegiari jarraituz, Lehen Hezkuntzan hasi behar dute erreforma ezartzen, irailean; horretarako jarraibideak bilduz, agindua igorri du Jaurlaritzak eskoletara. Besteak beste, erabaki du erlijioaren ordezko ikasgaia martxan jartzea —Gizarte eta Herritar Balioak—, eta azterketa orokortuak ere bai: hirugarren mailan, 10 urterekin, egingo dute proba ikasleek. Ez da izango irakats-aldi amaierakoa, halere; ikasle bakoitza zer moduz ari den jakiteko izango da.

Erdizka ezarriko dute LOMCE Hego Euskal Herrian. Nafarroan dituzte lanak aurreratuen; curriculumaren zirriborroak eginak ditu gobernuak, jendaurrean erakutsiak ere bai, eta aste gutxiren buruan kaleratuko dituzte behin betikoak. Hala ere, liburuak-eta ez dituzte berrituko, denborarik ez eta. Irakasleei eskatuko diete egokitzeko curriculuma. Jose Iribas kontseilariak berak esana du: «Nafar erara ezarriko dugu erreforma». Eskoletan aldaketa handirik ez delakoan izango, lasaitasuna eskatu du departamentuak.

Horretan ari da Jaurlaritza ere. Erreformatik soil-soilik ezinbestekoa dena ezarriko dutela nabarmendu du, eta moldatu egingo dutela, euskal erara. Oinarrizko Lanbide Heziketarekin eman zuen lehen pausoa; irailean jarri behar da hura ere martxan, DBHn arazoak dituzten ikasleak hara bideratzeko —oraingo lanbide hastapeneko programen ordezko—. Ez abiatzea erabaki du Jaurlaritzak: Prestakuntza Iragankor Integratuko Programak jarriko ditu, oraingoen gisakoak. Denbora faltaren argudioa erabili du Uriartek: astirik ez dagoela Oinarrizko Lanbide Heziketa hasteko. Behin-behinean egingo dio izkin, beraz.

Lehen Hezkuntzan horrelakorik ere ez da izango. Araua erabat ezarriko du Uriartek, salbuespen batekin. LOMCEren arabera, eskola kontseiluak kontsultarako organo hutsak izango dira, erabakitzeko ahalik gabekoak. Jaurlaritzaren ebazpenean, baina, ez da horrelakorik ageri; orain arteko zereginekin ageri da kontseilua.

Gaietan, Espainiako ikurrak

Erlijioaren ordezkoarekin iritsiko da aldaketa handienetako bat eskoletara. Gizarte eta Herritar Balioak ikasgaia eman beharko dute erlijioa hautatzen ez dutenek —hirutik bi baino gehiago dira Lehen Hezkuntzan—. Kutsu politiko nabaria du Madrilgo gobernuak alor horretarako egindako curriculumak: «Espainiako Konstituzioaren balioak ezagutzea eta haiek estimatzea»; «Sinbolo nazionalen esanahia zein den jakitea: bandera, Espainiako Armarria eta ereserki nazionala, Espainiako Nazioaren eta espainiar guztien elementu komun modura».

Jaurlaritzak zehaztu du ikasgai hori «sailak onartzen dituen edukiekin» emango dutela eskoletan. Denbora aurka du; esana du urtea amaitzerako egingo duela curriculuma, baina ikasgai horretakoak irailean egon beharko du. Tutoreek emango dute alor hori.

Ikasgaietan beste aldaketa bat ere bada: Ingurunearen ordez, Natur Zientziak eta Gizarte Zientziak bereizi beharko dituzte Lehen Hezkuntzan. Uriartek erdizka izkin egingo dio horri: ikasgai bakar gisa emango dute alor hori, orain arte bezala, baina ebaluazioa bereizita egingo dute gaiaren arabera, eta bi nota izango dituzte.

Aldaketa handiena ez da irailean iritsiko —lehen, hirugarren eta bosgarren mailan hasiko dira LOMCErekin irailean; beste mailetan, hurrengo ikasturtean—, baina maisu-maistrei ohar egin die Uriartek, Iribasek Nafarroan egin zuen eran: «Aldaketara egokitu beharko dituzte erabiltzen ari diren curriculum materialak».

Ebaluazioa da aldaketen hirugarren hanka. LOMCEren arabera, irakats-aldi bakoitza bukatzean azterketa bat egin behar dute ikasleek; gainditu ezean, errepikatu egin beharko dute. Sistema hori ez dute ezarriko irailean, baina bai estiloko bat: Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan proba bat egingo diete ikasleei, nola ari diren jakiteko. Gainditzen ez dutenek ez dute errepikatu beharko, baina laguntza jarriko diete. Amaierako proba ez denez, ez du Madrilek zehaztuko probaren edukia, Eusko Jaurlaritzak baizik.

Gisa bereko azterketak pilatu egingo dira eskoletan datorren ikasturtean. ISEIren ebaluazio diagnostikoa egingo dute Lehen Hezkuntzako laugarren mailan eta DBHko bigarrenean —zehazteko dago noiz egingo duten eta zer ikasgai aztertuko dituzten—; orobat, PISA azterketa egiteko urtea ere bada 2015a. Berrikuntzekin dator, gainera: lehenbizikoz, paperean ez, ordenagailuan egingo dute proba.

Aurrera begirako asmoak

Trantsizioko ikasturtea izango da 2014-15ekoa. Bi aldetatik. LOMCE legearen itzala gero eta handiagoa da, batetik; ezartzen hasiko dira irailean, eta datozen urteetarako pauso gehiago ematen hasiko da Madril. Bestetik, Heziberri 2020 proiektua finduz joango dira eragileak eta Eusko Jaurlaritza, eta, zehaztutako egutegiari jarraituz, hezkuntza lege bat taxutzeko bideari ekingo diote. Bitarte horretan, curriculuma berritu beharko du Jaurlaritzak; aste gutxiren buruan kaleratuko ditu zirriborroak.

Proiektu batzuekin Hezkuntza Sailak zer intentzio duen argitzeko ikasturtea ere izango da. Hizkuntzen gaia da horietako bat. Eskoletara bidalitako jarraibideetan badira zantzu batzuk. Hiru eleko ereduak bultzatzen jarraituko du. Ez du eredu bat ezarriko Jaurlaritzak; ikastetxeei laguntza emango die beren proiektuak egiteko, «euskara ardatz hartuta». Bide horretan, iragarri du «azterketa zehatza» egingo dutela eskolaz eskola, irakasleen ingeles maila zein den jakiteko. Joan den astean, hiru eleko hezkuntza zabaltzen jarraitzea adostu zuten Eusko Legebiltzarrean EAJk, PSEk eta PPk.

Euskaran egongo dira aldaketa gehiago. A ereduan —gaztelania hutsezkoa— euskara gehiago sartuko dute irailetik aurrera, Euskara ikasgaiaz gain beste batzuk ere euskaraz emanez. Erabileran dago beste arazoa; ikasgelatik at askoz euskara gutxiago darabilte neska-mutilek. Hori ikusita, Hezkuntza Sailak «programa esperimental bat» abiaraziko du, «euskararen erabilera bermatzeko».

No comments:

Post a Comment