2014-06-19

-AIARALDEAN LAN, BIZI ETA IKASI-

Gazteok etorkizuna borrokatzen!

Krisiaren izenpean estaltzen duten lapurreta honek gogor kolpatzen gaitu gazteok. 2007 aurretik ere prekarietate gordina bizi genuen, krisia sistemikoa baita, kontrakoa sinestarazi nahi izan diguten moduan. Azken urteetan baina, Espainiako eta Frantziako gobernuak zein euren sukurtsal diren Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua egiten ari diren eskubideen murrizketak arnasik gabe uzteraino estutzen ari zaizkigu lepoa. Gazteon langabeziak nabarmen gora egiteaz gain – 23 puntu baino gehiago 2007tik- gure lan baldintzak ere nabarmen okertzen ari dira. Besteak beste, patronalaren aginduei men eginez, kaleratzeak erraztuz, negoziaketa kolektiboa pikutara bidaliz eta lan kontratu mota prekarioetan sakonduz. Guzti honek gazte, emakume eta etorkinok oso ongi ezagutzen dugun lan merkatu beltzera bultzatzen gaitu gero eta gehiago. Eskubide gabeko subjektu bilakatu nahi gaituzte boterean dauden politikari ustelek, eurek ustelkeriaren eta esklabutzaren bidez aberasten ari diren bitartean.

Hezkuntzari dagokionez, jakintza, herriak dituen beharrak asetu eta proiektu sozialak garatzeko baliatu ordez, enpresa kapitalisten mesedera egokitu da. Horrek, proiektu berrien sorrera, garapen eta autogestioari begira arazo larriak ekarri ditu; besteen aginduen menpe lan egiten soilik dakien gazte belaunaldia hezi da.
Hezkuntza elitizatzen eta negozio bilakatzen ari da. Ikasleak lana eta ikasketak konbinatzeko gero eta zailtasun gehiago izaten ari diren bitartean, bekak lortzeko baldintzak gogortu eta tasak igo dira. Urtero 8000 gaztek alde egiten dute. Asko ez dira itzultzen.
Horren aurrean eskualdeko eta euskal herriko gazteok bi irtenbide ditugu; sistema kapitalista patriarkalaren mesedetan ahoa estali eta sasi irtenbide indibidualak bilatu edota gure egoeraren errudunei hortzak erakutsi eta antolakuntza eta borrokaren bitartez etorkizun duin bat irabazi.
Bigarren aukeraren alde egiten dugunok beste urrats bat ematera goaz eta ekainaren 20an loa kenduko dien gazte frontea kalera aterako gara, gure egoeraren erantzulei aurre egiteko eta gazteon borroka grinean eta gauzak aldetzeko gaitasunean berresteko.
Irabaztera goaz eta ez dago enpresari, banketxe, politikari putre edota poliziarik geldituko gaituenik!
Gora Euskal Herriko gazteria borrokalaria!
ERNAI AIARALDEA
MANIFESTAZIOA: EKAINAK 20 · 19:00 · LAUDIOKO LAMUZA PLAZATIK

No comments:

Post a Comment