2013-11-19

SENATUTIK PASAKO DUZUE, BAINA EZ EUSKAL HERRITIK! (IAren OHARRA)



SENATUTIK PASAKO DUZUE, BAINA EZ EUSKAL HERRITIK!
LOMCEri EZ! Euskal Eskola Nazionala eraiki!

Ikasle Abertzaleak:

            Ikasturte hasiera gogorra izaten ari da aurtengoa. Madrileko gobernutik Wert hezkuntza ministroa buru belarri dabil LOMCE hezkuntza erreforma lehenbailehen onar dadin eta datorren ikasturtearen hasieran aplikazio fasea has dezan. Gainera, etengabeko murrizketa eta baldintzen gogortzea gauzatzen ari da beken alorrean; hasiera batean beka orokorrei zegokiena eta oraingoan, Erasmus mugikortasun bekak jomugatzat hartu dituena.




            Madrilgo gobernutik datozen eraso guzti hauek hezkuntza ereduaren pribatizazio eta merkantilizazio estrategia sakon baten baitan ulertu behar ditugu. Erasoa Bologna prozesuarekin hasi bazen ere, LOMCE legearekin jarraipena eman diote eta EU2020 erreformarekin hezigune ez unibertsitario zein unibertsitateetan jarraituko dute. Estrategia hau 1990ko GATS akordioaren baitan kokatu behar dugu, hain zuzen ere, Europako herrialde ezberdinek zerbitzu publikoen pribatizazio estrategia definitu zuten momentuan, merkatuaren mesedeetara moldatuz.



            Berdin dio ze kolore politikoa duen unean uneko Madrileko gobernuak, Espainiako  bi alderdi nagusiek estrategia hau aurrera eramateko erantzukizuna hartua baitute. Historiari erreparatuz, trantsizioren garaitik hona onartutako 11 legeek, alde batetik, ez dute Euskal Herria herri gisa aitortu eta bestetik, ikasleria merkatuen beharrei erantzuteko objektu bezala definitu dute.



            Egoera honen aurrean, euskal Ikasleok irmoki erantzun behar diogu estrategia merkantilizatzaile eta berzentralizatzaile honi. Eraso guzti hauen aurrean ikasleok kudeatu behar ditugu gure borrokaren denborak, unean uneko  erantzun plano hutsetatik urrunduz, Euskal Herriraren nahi eta beharrei erreparatuko dion hezkuntza eredua eraikiz.



            Asko dira testuingurua aprobetxatzen ari direnak: Nafarroan UPN, LOMCEren eztabaida Madrilgo arazo huts bezala kokatzen dabil. EAEn PNVk euskal herriarentzat “Heziberri 2020” ekimenaren bitartez, LOMCEri aurre egiteko proposamen zabal eta parte hartzailea saldu nahi digu. Baina errealitatean, merkatuen beharretara malgutasunez moldatu daitekeen eredua nahi du, LOMCE legearen ordezko bat sortzea baita euren asmo nagusia.



            Espainiar estatutik etengabeko mobilizazio deialdiak heldu zaizkigu azkenaldian ere, horren adibide dira, Urriaren 22, 23 eta 24ko grebak. Deialdi guzti hauek Espainiar estatuko aniztasun nazional, kultural, linguistiko eta historikoak bermatzen ez duten aldarrikapenez beteak izan dira. Ez dugu ahaztu behar deialdi guzti hauen atzetik LOE hezkuntza erreformaren babesleak eta sinatzaileak daudela, Euskal Herriari hezkuntza eredu propioa eraikitzeko eskubidea ukatu diotenak.



            Horren baitan, Ikasle Abertzaleak-ek balorazio positiboa egiten du urriko grebaren harira artikulatutako ikasle masa guztiaren indar erakustaldiagatik. Honek ikasleriak antolatu eta borrokatzeko daukan gaitasuna erakutsi digu. Dena den, ezezkotasunean oinarritutako eta edukirik gabeko mobilizazioek inora eramaten ez gaituztela uste dugu. Euskal ikasleok nahi eta behar dugun hezkuntza eredua eraikitzen hasi beharra daukagu. Hori dela eta, IAren apustu irmoa erantzun planoa gainditzea eta eraikuntzarako tartea irekitzea da.



            LOMCE legea bera azaroaren 20an fase berri batean sartuko da, aplikaziokoan hain zuzen ere. Erreforman azkeneko ekarpen politikoak egiteko aukera izango du senatuak. Bertan onartua izan ondoren, hezkuntza ministerioak legearen garapena gauzatuko du dekretu eta erreglamenduen bidez. Orduan Nafarroako zein EAE-ko hezkuntza saiei egokituko zaie legearen aplikazioa gauzatzea Hego Euskal Herrian.



            Hemendik aurrera LOMCE aplikazioaren erantzukizun nagusia Iribas eta Uriarte hezkuntza kontseilariena da. Erantzun plano hutsetatik urrunduz Euskal Ikasleriak mobilizazio fase berri bat ireki behar du, LOMCE Intsumitu eta Euskal Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzeko unea da. LOMCEren aurrean ez aplikaziorako estrategia eta intsumisio ekimen praktikoak garatzeko garaia.



            Hau horrela izanik, Ikasle Abertzaleak Azaroaren 21ean fase berri baten hasierari irtenbidea emateko, Ikasleria Borrokara lotzeko deia egiten du.

Senatutik pasako duzue, baina ez Euskal Herritik!!!
Iribas, Uriarte aurrean izango gaituzue!!!
Euskal Eskola Nazionala dugu irabazteko!!!

No comments:

Post a Comment