2013-11-26

LOMCEri EZ! Mobilizazioak (Ikastolen Elkartea, ELA, LAB, STEE-EILAS, Sortzen Ikasbatuaz, Hik Hasi, Ikasle Abertzaleak eta UEU)



LOMCE, Madrileko Kongresutik pasako da azaroaren 28an, behin-betiko onartua izateko. LOMCE, Hezkuntza Lege izateko, dagoeneko Estatu Espainolean egin beharreko bidearen amaierara iristen hasia da. Hala ere, bidearen amaierara bidearen hasieran zuen bakardade eta kontrakotasun gehiagorekin iritsiko da.

Euskal LOMCEri ez” soil batetik haratago, honi aurre egin eta bere aplikazioa ekiditeko moduak lantzen ari gara eta nahi dugun Hezkuntza Sistema Propioaren eraikitzen. Honela bestelako hezkuntza eredu bat ehuntzen joan gara:


  • Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa inklusibo, konpentsatzailea, integratzailea eta hezkidetzailea. Aukera berdintasunean, ekitatean eta kalitatean oinarritua.
  • Euskal Herriarentzat curriculum propioa.
  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen hizkuntza eredu bakarra.
  • Hezkuntza komunitate zein herritarren partaidetza demokratikoa hezkuntzaren gaineko erabaki eta kudeaketan.
  • Euskal Herrirako marko normatibo propioa.

Hau honela, hezkuntzako eragile ezberdinek, aldez aurretik egin dugun moduan, Euskal Herriko alderdi politikoei eta Nafarroa eta EAEko legebiltzar eta gobernuei eskatzen diegu LOMCEa gure herriko ikastetxeetan inola ere ez dezatela aplika eta horretarako bitarteko guztiak erabili ditzatela.

Tamaina honetako erasoen aurrean konpromisoak hartzeko garaia dela pentsatzen dugu. Beraz, Euskal Herriko hezkuntza komunitateari eta jendarte osoari dei egiten diogu LOMCEri aurre egin eta behar eta nahi dugun hezkuntza sistema propioaren eraikuntzan parte aktibo izatera.


ETORRI ETA PARTE HARTU GUREKIN!!!

No comments:

Post a Comment