2013-07-09

LOMCEren gainetik, hezkuntza euskalduna (BERRIA 2013/07/09)


LOMCEren gainetik, hezkuntza euskalduna 

Erramun Osa eta J. Iñaki Etxezarreta


Euskara irakasle eta euskaltzain urgazlea, eta Ikaselkarreko zuzendari eta EABko kidea

Espainiako gobernuaren aurreikuspenak beteko balira, urte honen amaieran, LOMCE (Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa) deiturikoa onetsiko dute Gorteek eta 2014-2015 ikasturtean jarriko dute indarrean. Eztabaidan den testuak atzean duen bultzada politikoak bi problema larriri irtenbidea aurkitu nahi dio: batetik, hezkuntza-sistema espainiarraren emaitza heterogeneoei; eta, bestetik, nazioarteko emaitzekiko hezkuntza-sistema espainiarraren emaitza eskasei.


Erkidegoetako emaitzak oso desberdinak dira

Datuetara etorrita, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen duten ikasleen artean titulua lortzen dutenen tasan sekulako aldeak daude Erkidegoen artean: goiko mailan, Euskal Autonomia Erkidegoa dago —%88rekin—, beheko mailan, ostera, Balear Irlak, Gaztela-Mantxa, Valentzia, Murtzia eta Ceuta (%70etik behera) kokatzen dira. Bigarren Hezkuntza bukatzen ez duten gazteen kopuruan (18 eta 24 urteko adinen artean), ondoko datuak ikus daitezke: emaitzarik onenak Euskadin lortzen dira (%12); beste muturrean, emaitzarik txarrenekin (%25etik gorako datu beldurgarriak): Andaluzia (%35), Balear Irlak (%37), Kanariak (%30), Gaztela-Mantxa (%33), Katalunia (%29), Valentzia (%29), Extremadura (%32), Murtzia (%36), Errioxa (%28) eta Ceuta eta Melilla (%41).

Iaz, Colectivo Lorenzo Luzuriaga deituriko elkartearen azterlanak datu horiek gurutzatu zituen PISA kanpo ebaluazioaren datuekin. Halaxe zioen: «La excepción (…) es el País Vasco, con buenos índices correlativos de rendimiento, fracaso y abandono». Eta ondoko galdera hau egin zuen: «¿qué razones explican el buen comportamiento de los alumnos del País Vasco tanto en rendimiento como en alta tasa en la obtención del título y la más baja de abandono escolar temprano?».

Euskadin inbertitu da gehien

Erantzuna, gure ustez, bi eragileren baitan aurkitzen da: lehena, euskal lurraldeetako gizarteak hezkuntzari eman dion balioan dago; eta, bigarrena, Eusko Jaurlaritzak azken hogeita hamahiru urtetan zehar sostengatu duen hezkuntza-politikan legoke.

Lehenari dagokionez, hezkuntza euskaldunaren asmatzaile diren ikastolen jarduna da aipagarri, ikastolek euskara, euskal kultura, izaera euskalduna eta berrikuntza pedagogikoa bateratu, baliabideak sortu eta garatu egin baitzituzten. Eskola-ekintzari sekulako etekina atera diote, euskal lurraldeetako gainerako ikastetxe-motek hezkuntza euskaldun hori erreferentzia hartu arte. Baina, gaurdainoko ikastolen eraikuntzak biderkatu du bere ondorioa Eusko Jaurlaritzaren ekimenari esker. Ikastetxe publikoen sarean eta kontzertatuetan euskal botere publikoak konbinatzen jakin du ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko oreka zaila, hainbatetan desoreka dena. Euskal Autonomi Erkidegoa da hezkuntza-sistema espainiarraren barruan hezkuntzan gehien inbertitu duena. Eusko Jaurlaritza da hizkuntzetan, euskara ardatz izanez, pedagogi berrikuntzan, ikasmaterialetan, prestakuntzan, ebaluazioan, euskal curriculum propioan, informazio eta komunikazio teknologietan… diru gehien jarri duena Espainiako gainerako Erkidegoetako gobernuek ipini dutenarekin alderatuta. Hala ere, Europako emaitzarik onenak ematen dituzten estatuen gastu-tasara heltzeko badu zer ibilia.

Euskal Curriculumari bultzada ematearen garrantzia

Madrilgo eztabaidari begia kentzeke, noski, komeni da, ordea, euskal lurraldeetan egin beharreko hezkuntza-politikari erreparatzea, LOMCE atzean eta azpian geldituko baita, hezkuntza euskaldunaren garabidea sakondu nahi dugunon aburuz. Euskal Curriculum propioa du Euskal Autonomia Erkidegoak, XXI. mendearen lehen laurdenaren hezkuntza-beharrei erantzuteko ikastolek, kristau eskolak, zenbait eskola publikok eta Eusko Jaurlaritzak berak adostu zuten jardunaren fruitu. Euskal Curriculumak, Europako norabideak aintzat hartuz, abangoardiazko hezkuntzaren funtsa oinarrizko konpetentzien lantzean jarri zuen eta horrekin koherentea litzatekeen planteamendu pedagogikoa aurkitzean datza arrakastaren gakoa.

Horiek horrela, ondo dago Eusko Jaurlaritza Madrilgo Gorteetatik irtengo den lege-testuari kasu egitea, hori erantzukizunez jokatzea delako. Baina, Euskal Curriculumak ireki zuen bidea, hezkuntza euskaldun garaikide eta etorkizunekoa izan behar du eginkizun nagusitzat, hartara, azken hogeita hamahiru urte hauetako ibilbidearen hobekuntza kudeatu behar du.

Euskal Curriculumean horrenbeste bider azpimarratu dena, hots, ikasle, irakasle, guraso eta, azken buruan, euskal herritar guztiok era konpetentean aritzea lortu behar dela kontuan izanez, eta era konpetentean aritzeak aurrez ikasitakoa modu integratuan mobilizatzeko gai izatea esan nahi duenez, bizitzako eremuetan egoera esanguratsu eta konplexuetako arazoei eraginkortasunez irtenbidea emateko, aplikatu dezagun horixe bera hezkuntza euskalduna garatzeko dugun egoera esanguratsu eta konplexuan.

No comments:

Post a Comment