2013-07-22

Hezkuntza erreforma (Berria 2013/07/18)


Hezkuntza erreforma


Espainiako Kongresuan bidea egiten hasi da erreforma plana. Adituen iritziak jaso dituzte lehen egunetan; tartean izan dira Mariam Bilbatua eta Xabier Garagorri. Curriculuma, hizkuntzak... aldaketa asko ipini dituzte mahai gainean. Biak bat datoz, ordea, ebaluazioa izango dela gakoa: kontrolerako erabiliko du Madrilek.

Garikoitz Goikoetxea

 


/ ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Xabier Garagorri. Hezkuntzan aditua
«Ikastetxeak ondo lotuta egongo dira ebaluazioaren katean»
Ikasleek zer ikasita atera behar duten zehaztu gabe, gaitasunetan oinarritutako ereduari jarraitu gabe, hankamotz ikusten du erreforma Xabier Garagorrik. Kontrola eta zentralizazioa ikusten dizkio helburu.

Zein izango da erreforman aldaketa handiena?

Ebaluazioa. Curriculum aldetik, elementu hauek ditugu: xedeak, edukiak, moduak, eta, azkenean, ebaluazioa. Xedeetan oso ikuspegi mugatua du legeak: oinarrizko hezkuntzaren funtzioaren erdigunea lan mundurako prestatzean jartzen du; gaitasunetan ez, baizik bata bestearekiko lehian prestatzea ikasleak, ikuspegi ekonomizistarekin. Eta nazioartean adostasun zabala dago: oinarrizko hezkuntzaren funtzioa da bizitzarako prestatzea ikasleak, dimentsio guztietan. Lan esparrua bat gehiago da. Legeak desitxuratu egiten du hori. Gaitasunetan oinarritutako hezkuntzan, ez dago proposamen propiorik. Benetan ahula da.

Ebaluazioa egiteko, ikaslearen irteerako profila ondo zehaztu behar da. Ezin da ebaluatu bestela. Eta ez dute kezkarik profila zehazteko. Ebaluazioarekin, beraz, sudur puntan jartzen zaiena egingo dute, irteera profilik ez baitago. Ez dago bertsoaren azken oinik, eta asmatuko dute nahi dutena.

Gaitasunetan oinarritutako eredua du legeak?

Horretaz ez dute kezka txikienik ere. DBHko 3. mailan, arlo akademikoa eta aplikatiboa bereizten dituzte. Alor guztiak dira aplikatiboak! Gaitasuna zerbait bada, da ezagutzak izatea eta arazoei aurre egiteko erabiltzen jakitea. Nola bereiz daitezke alor akademikoa eta aplikatiboa? Eredu akademikoa da hauena. Eduki aldetik, oinarrizko gaitasunetan oinarritutako curriculuma ez dute bideratzen. Zentralizatzeko eta kontrolatzeko dute kezka.

Ikastetxeen autonomia sustatu nahi duela dio Wertek...

Bi arima ditu erreformak: batetik, ez ditu aldatzen oraingo legearen elementu funtsezko batzuk, baina, bestetik, bost axola dio horrek. Ebaluazioaren kontrola hartuta, sistema osoaren kontrola beren gain hartu dute: xedeak, edukiak eta metodologia. Zer geratuko zaie erkidegoei eta zentroei? Apurrak. Autonomia? Zer autonomia? Asmoa da hezkuntza sistema ondo zentralizatzea eta kontrolatzea. Eskolek ez dute autonomiarik. Diote metodologian ez dela sartzen gobernua. Gezurra. Xedeetan eta edukietan zer landu ezarriz, metodologia zehazten ari dira. Ebaluazioaren katean lotuta egongo dira eskolak.

Ikasleak lehenago banatuko dituzte. Ona da?

Oinarrizko hezkuntzaren funtzioa zein den, hori da funtsa: bizitza osorako gaitasunak eskuratzea. Ikasle guztiek garatu behar dituzte gaitasun horiek: jakitea pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten, egiten eta ekiten... Eta behar dira gaitasun linguistikoak, matematikoak, gizarte zientzietakoak, artistikoak... Hori da perspektiba. Zein da bide egokiena horiek lortzeko? Ikasleak banatzea bide aplikatiboan eta akademikoan? Xedea bada oinarrizko gaitasunak garatzea, osotasuna behar da. Zailtasunak daudela gaitasunak lortzeko? Egin dibertsifikazio proposamenak. Baina ez bi sare. Ez da batere laguntzen gaitasunak lantzeko, eta Lanbide Heziketari prestigioa kentzen zaio.

Eskola porrota eta uztea jaitsi nahi dituzte. Hemengo egoera ezberdina da.

Aldagai asko daude. Paper batekin ez da egoera aldatuko. Eredu honek ez du balioko porrota gainditzeko. Ikuskizun dago, baina eredu akademikoa izango dela susmo guztiak daude: ezagutza deklaratiboak, kontzeptualak. Baina ez nola aplikatu. Eta PISAn hori eskatzen da. Ikuspegi akademikoan segituta, porrota izango da. Ikasleek ikuspegi akademikotik ikasten baitute, eta PISAko ebaluazioa gaitasunen ikuspegitik egiten baitiete. Normala da porrota. Ez daude prestatuta ezagutzak era integratuan aplikatzeko. Hori irakatsi egin behar zaie.

Euskal eragileek jarrera egokia izan dute?

Herri honetan askotan gertatzen den modukoa izan da erantzuna: aurka egoteko indar handia dugu, baina indarrak elkartzeko, ez hainbeste. Kezka sortzen dit. Gai izan beharko ginateke ezberdintasunak gainditu, eta marko minimo batera iristeko. Desobedientzia zibila? Beste zerbait beharko da.


 



/ ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESSANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Mariam Bilbatua. Mondragon Unibertsitateko irakaslea
«Antolaketa bertikala izango da; kalitatearen aurkakoa da hori»
Atzerapausoak ekarriko ditu erreformak, Mariam Bilbatuaren iritzian: ikasleen arteko diskriminazioa handituko du, porrota jaistearen aurkako bidean sakonduko, eta komunitatearen parte hartzea ahulduko.

Aldaketen artean, zer ikusten duzu handiena?

Aldaketa handiak daude, eta ebaluazioa da nabarmenena. Horren bidez egingo dituzte hainbat aldaketa: estatuaren kontrola areagotuko dute —curriculumaren bidez ere egingo dute hori—. Oso garrantzitsua da ebaluazioa, ebaluatzen dugunaren arabera ikasten baitugu, ezarriko duten ebaluazioak zehaztuko du ikasteko eta irakasteko era. Nahiz eta legean aipatu gaitasun orokorrak neurtuko direla, beldurrez nago benetan edukiak ebaluatuko direla, ezagutzarekin lotutako edukiak. Bestetik, gainera, ebaluazioaren bitartez ikastetxeen rankingak egingo dituzte, eta ebaluazioa erabiliko da, baita ere, eskolen kontrola izateko. Ebaluazioa ez da izango mekanismo bakarra, baina oso-oso inportantea izango da.

Ikasleak lehenago banatzeak kritika ugari sortu du. Lehenago banatzea zergatik da txarra?

Oso kritikagarria da neurri hori. Herrialde guztietan saihestu nahi dute 16 urte baino lehen horrelako ibilbideak martxan jartzea. Neurri horren bidez, batetik, ikasleen sailkapena egingo da: onak eta txarrak. Kontuan edukita emaitzetan zer garrantzi daukan maila sozio-ekonomikoak, pentsa dezakegu hor diskriminazio bat sortuko dela ikasleen artean. Bestetik, eragin negatiboa izan dezake Lanbide Heziketan. Indartu egin behar da heziketa hori, bide garrantzitsua baita; bultzatu behar da bide horren erakargarritasuna eta kalitatea, ez Lanbide Heziketara bideratu nota baxuagoak dituzten ikasleak.

Eskolek autonomia izango dutela diote. Hala izango da?

Ezetz uste dut. Kontrolatutako autonomia izango da. Kontrol mekanismo asko ezarriko dituzte. Ebaluazioa izango da bat, eta horrekin egingo den sailkapena. Horrek asko mugatuko ditu eskolak. Bestetik, zuzendariaren rola dago: administrazioak izendatuko du, eta haren egitekoen artean egongo da administrazioaren ildoak eskolara eramatea. Administrazioak kontrola izango du zuzendariaren bidez. Eskola kontseiluak galdu egingo ditu eskumenak. Hezkuntza komunitateak galduko du boterea bere hezkuntza proiektua aurrera eramateko. Antolaketa bertikala da, eta hori hezkuntza kalitatearen aurkakoa da. Kalitate handia duten sistemek kalitatezko irakasleria dute, irakasleen inplikazioa oso handia da, eta komunitatearena ere bai. Neurri horiekin, komunitatearen erantzukizuna desagertu egingo da, eta, beraz, inplikazioa ere bai. Hezkuntzaren kalitatea oso lotuta dago eredu horizontalekin, eta hori bultzatu behar da.

Eskola porrota jaisteko balioko du legeak?

Ez. Kontrako norabidea markatzen du erreformak. Kalitate irizpideen aurkakoa da erabat. Erreformak sistema produktiboarekin lotzen du hezkuntza: etengabe aipatzen du hezkuntzaren helburua dela produkzio sistema hobetzea, lanpostuei eusteko modua jartzea, mugikortasuna erraztea... Baina hori ez da hezkuntzaren helburua. Askoz zabalagoa da helburua, eta lotuta dago pertsonen garapen osoa lortzearekin. Alor horretan, atzerapen handia dago.

Erreformaren kontra daude euskal eragile guzti-guztiak. Baina egoki erantzun dute?

Erantzun bateratu bat eskatzen du erreformak, eta legearen tramitazioan lortu ez dena: kontsentsu sozial bat, hezkuntza zein norabidetan jarri nahi dugun ikusteko. Ez dute ezer egin hezkuntza komunitateko eragileekin zerbait adosteko, eta horrelako lege batek adsotasuna eskatzen du. Euskal Herriaren ikuspegitik, adostu behar dugu zein den gure herriak behar duen hezkuntza sistema, zein diren gure hezkuntza sistemak gure kulturaren eta hizkuntzaren transmisioa bermatzeko behar dituen baliabideak, eta zein den gaur egungo gizarteari erantzuteko behar dugun aldaketa. Aukera daukagu: momentu ona da adostasunetara heltzeko, eta aprobetxatu behar dugu eragileen artean adostasun sakon bat egiteko eta norabide jakin bat hartzeko.

No comments:

Post a Comment