2016-09-26

Hedabidetan Uriartek gauza bat esaten du baina irailaren 23an publikatu duen dekretuan benetako asmoa jasotzen da.


Argi eta garbi ikusten da Eusko Jaurlaritzarentzat euskara ez dela lehentasun bat, eredu linguistikoen aldeko apustua eta lotsarik gabe LOMCE legea aplikatzen duela.
Behin eta berriro gauza bat esan eta beste bat egiten du.

Adibide gisa, hona hemen dekretuaren bi artikulu:

2016ko irailaren 23a, ostirala
127/2016 DEKRETUA, irailaren 6koa, Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa.

Heziberri 2020 planaren Markoak Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculumaren ildo nagusi komunak zehazten ditu.
Bada, dekretu honek bat egiten ditu, eta Batxilergoko curriculumaren eta Batxilergoko irakaskuntzen antolamenduaren funtsezko ezaugarriak arautzen ditu.
10. artikulua.– Elebitasuna eta eleaniztasuna.

1.– Hezkuntza-eskumenak dituen sailak elebitasuna bultzatuko du hezkuntza eleaniztun baten barruan, hizkuntza-ereduak hobetzen eta garatzen lagunduz. Horretarako, lehentasunezko tratua bermatuko du euskararentzat, bi hizkuntza ofizialen erabilera sozial desorekatua konpentsatzeko, ikasleek Batxilergoa amaitzean komunikazio-konpetentzia aurreratua sendotu dezaten euskaraz eta gaztelaniaz, eta komunikazio-konpetentzia praktikoa eta eraginkorra, berriz, atzerriko lehen hizkuntzan. Hori guztia, atzerriko bigarren hizkuntza batean konpetentzia nahikoa lortzea baztertu gabe, Hizkuntza Proiektuan hala jasoa duten ikastetxeetan.

Edonola ere, bi hizkuntza ofizialen hizkuntz eta literatur komunikaziorako konpetentziaren erreferentzia-maila ikasle guztientzat berdina delarik, ikasleen eta haien ingurunearen baldintza soziolinguistikoak ere hartuko ditu aintzat, eta, horrenbestez, ikastetxeek baldintza horietara egokituko dituzte beren Hizkuntza Proiektua eta Curriculum Proiektua, eta eragile aktiboak izango dira hizkuntza normaltzeko prozesuan.

2.– Bi hizkuntza ofizialen erabileran oreka eta berdintasuna bilatzea da hezkuntza-sistemaren xedeetako bat, eta euskarak gizarte-erabilera desorekatua eta ahula duenez gaztelaniaren aldean, euskara hezkuntza-komunitatearen jarduera guztietan adierazpide normala izan dadin bultzatu eta bermatu behar du hezkuntza-eskumenak dituen sailak.

3.– Ikastetxeek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte Batxilergoan, ikasleak egiaz jabetu daitezen bi hizkuntza ofizialak ulertzeko eta ahoz eta idatziz adierazteko abileziak erabiltzeko konpetentziaz eta, hartara, biak erabiltzeko gai izan daitezen alor pertsonaleko, sozialeko eta akademikoko egoeretan.

4.– Batxilergoa egiten duten ikasleak Oinarrizko Hezkuntzan aukeratutako hizkuntza-eredu berean eskolatzea bermatuko du hezkuntzaren alorreko eskumena duen sailak. Eta, ildo horretan, euskarazko prestakuntza-eskaintza sustatuko du Batxilergoan: D ereduko eskaintza areagotuko du; B ereduan, eskaintza ezarriko du, pixkanaka eta plangintza bati jarraituz; eta, A ereduan, ikasgaiak euskaraz ematea bultzatuko du.

5.– Elebitasunetik abiatuta, ikasleak eleaniztunak izateko bidean aurrera egiteko, atzerriko hizkuntzen ikaskuntza eta erabilera sendotzeko neurriak hartuko dituzte ikastetxeek, eta, pixkanaka, beren hizkuntza-proiektu eta curriculum-proiektuen barruan ikasgai ezberdinetako curriculum-edukiak atzerriko hizkuntzan irakasten hasi ahal izango dira, betiere, dekretu honetako 11. artikuluan ezarritako printzipioekin bat.

6.– Hezkuntza-eskumenak dituen sailak behar diren neurriak ezarriko ditu ikastetxeetan ikasgaiak, pixkanaka, atzerriko lehen hizkuntzak irakasten has daitezen, dekretu honen laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako hezkuntza-sistema hobetzeko planari jarraituz.


VII. KAPITULUA IKASLEEN EBALUAZIOA, MAILAZ IGOTZEA ETA TITULAZIOA

38. artikulua.– Batxilergo amaierako ebaluazioa eta batxiler-titulua.

1.– Bigarren maila amaitzean, ikasleek banakako ebaluazio bat egingo dute, eta bertan ikusiko da zenbateraino berenganatu dituzten konpetentziak.

2.– Batxiler-titulua eskuratzeko amaierako ebaluazioa gainditu beharko da, eta Batxilergoaren amaieran 10etik 5 edo gehiagoko kalifikazioa ezinbestekoa izango da.

3.– Batxiler-tituluak ematen duen ahalmenaren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3.5 artikuluan ezarritako goi-hezkuntzako ikasketak egin daitezke.

4.– Batxiler-tituluan honako informazio hau adierazi beharko da gutxienez:
a) Egindako modalitatea. Batxiler-titulua modalitate batean baino gehiagotan lortu nahi duten ikasleen kasuan, amaierako ebaluazioan gainditutako modalitateak adieraziko dira.
b) Batxilergoaren amaierako kalifikazioa.

Dekretu osoa irakurtzeko klik hemen

LOTSAGARRIA!
HEZKUNTZA KOMUNITATEAK GURE EUSKAL HEZKUNTZA PROPIOAREN ALDE URRATSAK EMATEN JARRAITUKO DUGU!
INPOSIZIORIK EZ!
LOMCE EZ! HEZIBERRI ERE EZ!
GUK, ORAIN HEMEN GURE HEZKUNTZA ERAIKI!






No comments:

Post a Comment