2016-01-16

Herri gisa 3. eta 6. mailako azterketa inposatuei planto egingo diegu

Hezkuntza Plataformen Topagunea

HPTren asanblada orokorra egin dugu gaur, Gasteizen. Bertan, besteak beste, iraganazaroaren 28an burututako mobilizazio egun nazionalaren balantzea egin dugu. Eguna positiboki baloratu dugu, izan ere, LOMCEren gaia kalera atera eta agenda politiko eta mediatikoan jartzeko baliagarria izan zen. Baita hezkuntza komunitatea, elkarlanean, mobilizazio bateratuak antolatzeko ere.

Honetaz gain, aurten LOMCEren aplikazioa izaten jarraitzen duten Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako azterketen kontrako plantoa diseinatzen aritu gara. HPT-tik azterketa hauei planto orokortua egiteko estrategia diseinatu dugu.

Iazko ikasturtean bai Nafarroan zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan toki handanatan lortu genuen inposatutako 3. mailako azterketa ez egitea. EAEri dagokionean, Eusko Jaurlaritzak planifikatuta zituen 30 ikastetxeetatik soilik Kristau Eskolei zegozkien 13tan eta eskola publiko bakar batean pilotajea egitea lortu zuten gainontzeko 14 eskola publikoetan eta 2 ikastoletan azterketari planto eginez. Lorpen ikaragarria izan zen eta aurten ere jarrera berdina mantenduko dugu.

3. eta 6. mailako azterketei planto egingo diegu, besteak beste, arrazoi hauengatik:

  • Ebaluazio horiek ez dute hezkuntza komunitatearen babesik.
  • LOMCEren baitako azterketak dira.
  • Ikasleen ebaluazio jarraia erabat dinamitatzen dute egun bateko azterketara mugatuz.
  • Emaitza hutsak dituzte ondorio eta ikasleen sailkatzea eta banaketa albideratu dezakete.
  • Eredu erabat antipedagogikoa dute oinarri.
  • Ikasleak zenbaki huts izatera kondenatzen dituzte.
  • Ez dugu LOMCE edota Heziberriren inposiziorik onartuko.

Horretarako, hainbat bitarteko jarriko ditugu martxan:

  • Hitzaldi informatiboak egingo ditugu ikastetxe eta auzo zein herrietan.
  • Iaz bezala, familia “objetoreak” bilakatuko ditugu, ikasleek azterketa hau egin dezaten baimenik emango ez dutenak.
  • Eskola Kontseilu eta Artezkaritza Kontseiluetan azterketa hauen kontrako idazkiak onartuko ditugu.

Familia, herritar eta hezkuntza komunitateari mezua:

  • Azterketa hauek LOMCEren aplikazioa dira, hau da, madrildik inposatu nahi zaigun lege arrotz baten bermerako azterketak.
  • Herri gisa, parte hartu, bultzatu eta babestu dezagun plantoa.
  • Herri gisa, egin diezaiogun aurre LOMCEri eta honen aplikazioei Hezkuntza Sistema Propioaren alde urratsak emateko.

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari interpelazioa:

  • Entzun ezazue iaz eta baita aurten ere familiek, hezkuntza komunitateak eta HPT-k bidalitako mezua.
  • Ez itzazue azterketa hauek aplikatu.
  • Azterketen inguruko beharrezko informazio guztia gardentasunez zabaldu ezazue.
  • Planto egin diezaiogun elkarlanean herri gisa LOMCE lege inposatuari.
  • LOMCE aplikatzeko hautuan jarraituz gero, planto tinko eta orokortua bultzatu eta eramango dugu aurrera.

No comments:

Post a Comment