Gasteizen ere martxan!
Agerraldiaren bideoa ikusteko klik HEMEN
Urriaren
17an, larunbata, Gasteizko hezkuntza plataformak agerraldi jendetsua
egin genuen hezkuntzako egoeraren irakurketa egiteko asmoarekin.
Gainera, Hezkuntza Plataformen Topaguneko (HPT) sarekide garen
heinean, iragarri genuen, azaroaren
28an,
guk ere kaleak hartu eta Hezkuntza Sistema Propioaren beharra
aldarrikatuko dugula.
Gasteizen
irakurritako oharra:
Pasatu
da uda eta hasi dugu ikasturte berria. Berria izanik ere, zaharrak
berri. Izan ere, tamalez, euskal hezkuntzarentzat ez dago berri
askorik. Badakigu LOMCE gure ikastetxeetan erabat sartuta dagoela.
Nahiz eta lege inposatu horren atal batzuk atzeratu edota zalantzetan
jarraitzen duten, Nafarroako Erregimen Gebernuak utzitako
herentziaren ondorioz eta Eusko Jaurlaritzak LOMCE aplikatzen
jarraitu dute. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionean, ustelak
ustel. Uriartek proposatutako Heziberri 2020 planak LOMCEren
aplikazioari erantzuten dio bete-betean. Asko aldatu beharko dute
norabidea osatu nahi duten balizko lege berria gure hezkuntzaren
aldekoa izatea helburu badute. Zentzu horretan, gaur bezala, kaleak
hartu eta inongo inposaketarik onartuko ez dugula argi eta garbi
esaten jarraituko dugu. Ez dugu LOMCEren sasiaplikaziorik, 'euskal'
aplikaziorik edo bestelako mozorrorik onartuko. Argi utzi genuen
iazko ikasturtean burutu genuen planto masiboarekin. Nafarroako
Txantrea auzoko itxialdiarekin hasi, Gasteizko zentro batzuetatik
pasatu eta apurka apurka Hego Euskal Herriko ikastetxe mordo batean
plantoa egitea erabaki genuen. Hezkuntza komunitatea elkarlanean,
azterketa atzerakoi, inposatu eta antipedagogiko horiei planto egin
genien. Berriz ere zorionak guztioi!
Ez
dugu LOMCE nahi eta ez dugu momentuz LOMCE aplikatzen duen
Heziberri-rik nahi ere. Guk Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema
Propioa nahi dugu. Egungo eredu arrotza gainditu eta gure
hezkuntzaren gaineko erabakiak guk geuk hartu nahi ditugu, gure
ikastetxe eta herrietatik.
|
Horregatik,
nekatuta gaude, inposaketei aurre egiten jarraituko badiegu ere, bada
garaia gure hezkuntza eredua egunez egun eraikitzen jarraitzeko.
Eta
baditugu aukerak, gogoa eta proiektuak. Baditugu alternatibak eta
urriaren 24an, Bilbon, Alternatiben Herria ekimenean erakutsiko
ditugu batzuk. Eraikuntzara salto egiteko unea da!
GUK Guk
egingo dugulako. Gu gara protagonistak: ikasleak, familiak,
hezitzaileak, langileak, auzoko edo herriko okina, postaria, autobus
gidaria, garbitzailea... Gure gogo eta kemenaz bestelako hezkuntza
eredu bat eraikitzea gure esku dago!
ORAIN Bada
garaia. Orain da unea inposatzen diguten hezkuntza eredu inposatuari
planto egin eta bestelako hezkuntza eredu bat eraikitzen jarraitzeko.
Biharko egunera itxaron gabe, astiro baina gelditu barik, gaurdanik
gure hezkuntza eraikitzeari ekin behar diogu!
HEMEN Gasteizen,
klasean, ikastetxean, auzoan, herrian, plazetan, udalan... Eta
horretarako gero eta plataforma gehiago izan behar gara, gero eta
gehiago izango gara Gasteizko Gure Hezkuntza plataforma bezala,
Hezkuntza Plataformen Topagunean biltzen garenok. Hezkuntza
Plataforma Topagunea hezkuntza bilgune ezberdinak saretzeko tresna
bezala jaio baitzen, eta hori da gure asmoa: Euskal Herriko bilgune
ezberdinak saretu eta bestelako hezkuntza eredu baten alde,
erabakitakoa eraikitzea.
Beraz,
gaurko agerraldi honetan, Euskal Herriko txoko ezberdinetan egiten
ari den bezala, dei egiten dizuegu martxan jartzeko, gure
hezkuntzaren alde aktibatzeko. Bide
horretan, azaroa bukaeran, hezkuntza komunitate osoarekin eta
gainontzeko herritarrekin azaroaren 28an egingo dugun gure hezkuntza
propioaren aldeko deialdi nazionalean parte hartzeko deia luzatzen
dizuegu! Animo guztioi!
Gasteizko Gure Hezkuntza Plataforma
gurehezkuntza.gasteiz@gmail.com
www.gurehezkuntzaplataforma.blogspot.com.es
No comments:
Post a Comment