Leire Zelaia, Aitor Otaño, Leire Barrera eta Miren Larrion
Euskal Herriko Hezkuntza Plataformen Topagunea
2014/09/03
Bai, zuk hezkuntza baztertzailea eta segregatzailea ezarri nahi duzu. Guk aukera berdintasunean oinarrituriko hezkuntza inklusiboa sustatu nahi dugu. Zuk hezkuntza pribatua eta katolikoa bultzatzen duzu. Guk kalitatezko hezkuntza herrikoi, publiko, berria eta laikoa dugu oinarri. Zuk ikasle espainol homogeneoak nahi dituzu. Guk ikasle euskaldun eleanitzak sortu nahi ditugu. Zuk balore antzuetan adoktrinaturiko ikasleak produzitu nahi dituzu. Guk errespetuan, berdintasunean, kulturartekotasunean eta elkartasunean hezitako etorkizuneko pertsonengan amesten dugu. Zuk parte-hartzerik gabeko eskola komunitateak nahi dituzu. Guk hezkuntza komunitate eta gizarte osoaren parte-hartzeaz eraikiko ditugu gure ikastetxeak. Guk auzora, herrira, Euskal Herrira eta mundura irekita dauden ikastetxeak maite ditugu.
Erro zaharrak dituen herria gara.
Bestelako gizarte batean sinisten dugun milaka lagun gara. Azken 50
urteetan euskararen alde, euskalduntzearen alde, euskal curriculumaren
alde, amesten eta lanean aritu garen guztiak gara. Ikastolen sorrera
posible egin zenuten guztiok gara. Ikastoletatik gizarte osora hezkuntza
euskalduna hedatu zenutenok gara. Zuen seme-alabentzako hezkuntza
euskaldunaren aldeko apustua egin duzuen guztiok gara. Eta, guztion
eskuetan dago urteetan lorturiko altxorra amets eta erronka berriez
aberastea. Zuek eta guk, guztiok elkarlanean arituz bakarrik lor
dezakegulako. Gure hezkuntza sistema eraikitzen jarraitzeko unea da.
Amets honi eutsiz,
jadanik euskal gizartea hasia da antolatzen. Ez dira gutxi ez, hilabete
hauetan Lomceren kontra eta gure hezkuntza eraikitzearen alde eratutako
plataformak. Ez dira gutxi ez, hilabete hauetan plataformetatik abian
jarritako ekimenak. Herriz herri, ikastetxez ikastetxe hitzaldiak
emanez, lege atzerakoi honen ondorioak plazaratuz, iritziak jasoz,
beldurrak konpartituz, eta aurre egiteko proposamen zehatzak eskainiz.
Ez dira gutxi ez, komunikabideetan eskainitako elkarrizketak, kalejira
eta giza-kate koloretsuak, flashmob alaitsuak... hamaika modutan
aldarrikatu du euskal gizarteak ez duela Lomcerik nahi. Ez dira gutxi
ez, ikastetxeek, era bateratuan, adostutako dinamikak. Ez dira gutxi ez,
lanerako adierazitako nahiak eta gogoak.
Lanerako
gogo eta ilusio horietatik, azken ikasturtean lau herrialdeetako
plataforma bakan batzuk elkartu ginen eta Hezkuntza Plataforma Topagunea
osatu genuen. Ordutik asko izan zarete batu zaretenok. Martxoaren 4an
jaiotako proiektu xumea, hezten eta hazten ari da. Elkarrekin eta
elkarlanean hezten eta hazten ari gara eta gure konpromisoak gero eta
haratago iristen ari dira. Aldarrikapenetatik konpromisoetara salto egin
dugu. Konpromiso pertsonaletatik abiaturik, modu kolektiboan
konpromisoak hartzeko eta legearen ez-aplikazioaren ibilbidea garatzen
hasi gara. Txikitik handira doan dinamika da.
Norbanakoen konpromiso eta
sinadurez Lomcerik gabeko gelak eta ikastetxeak lortzen goaz.
Herritarrek zuen sinadurekin eman diguzuen babesarekin, Lomceri aurre
egitea, udaleko konpromiso bilakatu nahi dugu. Hezkuntza guztion
altxorra eta ardura denez, guztiok parte izan behar dugulako,
ikastetxeetatik herrira jo dugu, gure herriak, Lomcerik Gabeko Herriak
izatea nahi dugulako.
Hau
hasiera besterik ez da izan, datorren udazkenean Lomceren kontrako
txertorik eraginkorrena, guztion parte hartzea izango da. Zuen
seme-alaben irakasleekin, auzokideekin, lankideekin... elkartu eta eratu
itzazue plataformak Euskal Herriko bazter guztietan. Bihurtu itzazue
zuen ikastetxeak Lomcerik Gabeko Ikastetxeak eta zuen herriak Lomcerik
Gabeko Herriak, guztion artean Lomcerik Gabeko Euskal Herria lortu arte.
Eta guztion artean gure hezkuntza eraikitzen jarraituko dugu.
No comments:
Post a Comment